jueves, 7 de enero de 2010

Erreportajea (Web 2.0 eta Kazetaritza)

Mendia eta itsasoa bat eginez
Urdaibaiko biosfera erreserba, Gorbeia edo Urkiolako parke naturalak, Arboleda, Bilboko Guggenheim museoa, Lekeitio... Batzuk naturak eraikitako txoko ederrak dira besteak aldiz, gizakiek sortutako eraikin klasiko edo abangoardista eta denek Bizkaia osatzen dute.

Mendia eta itsasoa modu berean ukitzen duen 2.209km2ko probintzia honek tradizioa eta abangoardia biltzen ditu maila berdinean. Gastronomia, kirol edo kulturazko eskaintzarik gozo, eta hunkigarrienak bidaiariaren esku jartzen dituen lurraldea dugu hau.

Gure ibilbidearen hasiera Bilbotik hasiko dugu, urte gutxitan Guggenheim museoa edo Euskalduna jauregiaren berreraiketari esker berpiztu den hiria dugu, industria nonahi ikustetik zerbitzu abangoardistenak eskaintzera pasatu dena. Bertan, aipatu bezala, Frank Gehryk diseinatutako pinakoteka, Arte Ederretako Museoa edo Euskal Herriko Museo Etnografikoa bisitatu ditzakegu.

Baina Bizkaia haratago doa, probintzia honek mendi-ibiliak praktikatzeko leku aproposak ditu hiriaren kutsaduratik at. Horietako batzuk Gorbeia edo Urkiolako parke naturalak dira beren paisai harkaiztsu eta menditsuarekin erreka garbi eta bazkatzeko larreak ikusteko aukera eskaintzen dituzte, txangoak egiteko leku aproposena bilakatuz.

Paisai hauekin bezala, Euskal Herriko lurralde historiko hau iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera enklabe bakar eta magiko batean murgilduta dago, hortik besteak beste, Anbotoko Mariren historia. Mendi ezagun hau beren mito eta kondairengatik ezaguna da edo Karrantzan dauden Pozalaguako kobazuloak beren milaka eta milaka urteetako historiaren ikur.

Gure bidearekin jarraituz, Trapagako Arboledan geldituko gara, leku eder honetan naturak berriro txundituko gaitu belar fresko eta berde artean dauden laku liluragarriekin.

Handik eta kilometro gutxira Bizkaiko Zubira helduko gara, eraikin hau 2006ean Unescoko ondare historiko izendatua izan zen. Getxora heltzearekin batera pixkanaka kostaldean murgildu gara. Herri hau Uribe Kosta eskualdeko garrantzitsuenetako bat da bertan, hondartza, portu zaharra edo Galeaz, besteak beste disfrutatu dezakegu.

Udalerri zoragarri hau alde batera utzi eta Gaztelugatxera egingo dugu salto, leku pribilegiatuan eta gure paisai ederrenen zerrendan leku berezia eskaini beharko geniokeena. Gaztelugatxe Bermeo eta Bakio artean dagoen irla bat da bere 237 harmailetatik eta goian dagoen ermitagatik ezaguna, azken hau bataila askoren testigu izan delarik. Naturako miragarritasun honekin batera, Urdaibaiko eskualdea daukagu, bere paisai erakargarriekin, Bermeoko arrantza-herritik hasi, urteroko surf txapelketengatiko ezaguna den Mundakatik pasatuz, Sukarrieta, Laga eta Laidako hondartzak, Elantxobe eta historia handiko Gernika herrira helduz.

Gure Bizkaiko ibilbide turistikoarekin amaitzeko, Lea Artibaiko eskualdea aipatzea beharrezkoa da eta bereziki Lekeitioko herria, euskal herriko tradizioa erakusten duen portua edo 730 urteko Andre Mari eliza gotikoagatik.

sábado, 2 de enero de 2010

Iritzi artikulua (Web 2.0 eta Kazetaritza)

Aje emozionala “bertsoka bertsoka”


Gaur ajearekin jaiki naiz ohetik, baina ez edonolako ajearekin, bart ez nuen graduazio handiko ezer edan, ez eta ordu txikitara arte parrandan geratu ere. Atzo egun berezia izan zen, emozioz beteriko orduak bizitzeko beta izan nuen goizeko 11etatik iluntzeko 9ak arte. Hitz ederretatik edan eta jan, ikusi eta entzun, gozatu eta hunkitu, txalo eman, negar malkoak isuri eta barre egin, hausnartu, nekatu... goizetik gauera bizitasunez eta intentsitate osoz pasatu zen abenduaren 13a. Neguko egun gris euritsuaren protagonistak zortzi ziren, denak taula gainean, beren barrena biluztu eta publikoarekin konpartitu zituztenak. Kanpoko hotza erraz ahaztu zitekeen BEC-eken kontzentratuta geunden guztion epeltasunarekin.

Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Jon Maia, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze eta Unai Iturriaga izan ziren atzo Barakaldoko Bizkaia Arenako oholtza gainean, Zura musika taldearen abestiak dion bezala “bertsoka bertsoka” aritu zirenak.

Lau urtez itxaron behar izan dugu Bertso Txapelketa Nagusiko edizio berri batez gozatzeko eta aurtengoa ez da edonolakoa izan, azkeneko lau edizioetan Andoni Egaña zarauztarrak txapela jantzi izan badu ere aurtengoan laugarren postura pasatu da. Denak polito aritu ziren, baina Bertso Txapelketa Nagusiaren historia osoan lehenengoz emakume batek irabazi zuen atzo, Maialen Lujanbio. Hernaniarrak ondo merezia eraman zuen txapela, hala ere publikoaren txalo zaparradak kontutan hartuta Amets Arzallusek eraman behar zuela usteko zuten batek baino gehiagok, ni barne. Ez naiz oso aditua bertsotan, entzutea gustatzen zaizkit eta gozatu, teknika aldetik ordea ideiarik ere ez dut. Finalean Arzallus eta Lujanbio aritu ziren nor baino nor, ederrak izan ziren biek bota zituzten bertsoak, hunkigarriak oso baina batek irabazi behar zuen eta esan bezala, hura Maialen Lujanbio izan zen. Zorionak Maialen!

Albistea (Web 2.0 eta Kazetaritza)

Web 2.0 eta Kazetaritza irakasgaian albistea, iritzi artikulua eta erreportajea egin behar genuen. Hiru testu hauek web orrialde batean edo blogean publikatzeko aukera eman digu irakasleak, nik Sustraietatik blog honetan publikatzea erabaki dut:
Frank Lloyd Wright lana Guggenheim Museoan ikusgai

Espazioaren gaineko pentsamenduaren garrantzia eta bizitza modernoan izan duen eragina aditzera eman nahi dira 80 proiektu desberdinen bidez. Erakusketa hau hobeto ulertzeko argazkiak, marrazkiak, bideoak edo animazio digitalak dira besteak beste erabili izan diren euskarriak.


Bilboko Guggenheim museoak Frank Lloyd Wright erakusketa berria aurkeztu du. Bildumak Wrighten espazioaren gaineko pentsamenduaren garrantzia eta horrek bizitza modernoan izan duen eragin handia aditzera ematen dizkigu 80 proiektu desberdinen bidez. Etxe partikularrak, eraikin publikoak, bulegoetakoak, erlijiosoak, gobernuetakoak eta auditoriumak, antzokiak edo inoiz burutu ez diren hiri egiturak dira besteak beste ikusgai egongo diren piezak datorren otsailaren 14ra arte.

Erakusketa honen lanak euskarri desberdinetan aurkezten dira, hala, 200 marrazki original, garaiko maketak nahiz orain gutxikoak,erakusketarako propio taxutuak, artxibategiko eta gaur egungo argazkiak, eta Wrighten lanarekin lotutako liburuak, aldizkariak eta gutunak ere.

Bestetik, Wrighten diseinuak hobeto ulertzeko eta lagungarri izateko bideoak eta animazio digitalak sortu dira propio erakusketa honetarako. Proiektuen lan honekin
“erakusketara datozen bisitariak arkitektura ulertzeko modu berri batera hurbiltzea, bilatu nahi da, gure eguneroko bizitzaren hedadura bizia bezala”, Bilboko museoaren arduradunek azaldu dutenez.