sábado, 2 de enero de 2010

Iritzi artikulua (Web 2.0 eta Kazetaritza)

Aje emozionala “bertsoka bertsoka”


Gaur ajearekin jaiki naiz ohetik, baina ez edonolako ajearekin, bart ez nuen graduazio handiko ezer edan, ez eta ordu txikitara arte parrandan geratu ere. Atzo egun berezia izan zen, emozioz beteriko orduak bizitzeko beta izan nuen goizeko 11etatik iluntzeko 9ak arte. Hitz ederretatik edan eta jan, ikusi eta entzun, gozatu eta hunkitu, txalo eman, negar malkoak isuri eta barre egin, hausnartu, nekatu... goizetik gauera bizitasunez eta intentsitate osoz pasatu zen abenduaren 13a. Neguko egun gris euritsuaren protagonistak zortzi ziren, denak taula gainean, beren barrena biluztu eta publikoarekin konpartitu zituztenak. Kanpoko hotza erraz ahaztu zitekeen BEC-eken kontzentratuta geunden guztion epeltasunarekin.

Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Jon Maia, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze eta Unai Iturriaga izan ziren atzo Barakaldoko Bizkaia Arenako oholtza gainean, Zura musika taldearen abestiak dion bezala “bertsoka bertsoka” aritu zirenak.

Lau urtez itxaron behar izan dugu Bertso Txapelketa Nagusiko edizio berri batez gozatzeko eta aurtengoa ez da edonolakoa izan, azkeneko lau edizioetan Andoni Egaña zarauztarrak txapela jantzi izan badu ere aurtengoan laugarren postura pasatu da. Denak polito aritu ziren, baina Bertso Txapelketa Nagusiaren historia osoan lehenengoz emakume batek irabazi zuen atzo, Maialen Lujanbio. Hernaniarrak ondo merezia eraman zuen txapela, hala ere publikoaren txalo zaparradak kontutan hartuta Amets Arzallusek eraman behar zuela usteko zuten batek baino gehiagok, ni barne. Ez naiz oso aditua bertsotan, entzutea gustatzen zaizkit eta gozatu, teknika aldetik ordea ideiarik ere ez dut. Finalean Arzallus eta Lujanbio aritu ziren nor baino nor, ederrak izan ziren biek bota zituzten bertsoak, hunkigarriak oso baina batek irabazi behar zuen eta esan bezala, hura Maialen Lujanbio izan zen. Zorionak Maialen!

No hay comentarios:

Publicar un comentario