lunes, 30 de noviembre de 2009

Mendi zabalean


Bizitzan egun onak, egun txarrak, garai hobeak, garai ez hain onak... izaten dira. Gaur egun tristea da, bai, argitsu dagoena ere, nire baitan ilun sentitzen dut. Lagunak, familia, ikaskideak, lankideak denak urrun daude, oso urrun. Ardi galdu bakartia naiz handi geratzen zaidan mendi zabalean.

Lau urtez nire bizitzaren parte eta gertu sentitu dudan pertsona hori ere, orain ikusi eta arrotz bilakatu da gauetik egunera, kartzelako kristal baten aurrean egongo bagina bezala, ikusi bai, hitz egin bai, baina ezin ukitu, ezin besarkatu eta ezin mosu eman. Ezezaguna da orain, ez da eraikitako mendi hotz isolatu honen parte, beste guztiak bezala, bertan, ni baino ez naiz bizi.

domingo, 29 de noviembre de 2009

Nire horma profesionala papereztatu nahian


Bueno bale, beste behin ere sumiala hartu eta on egin dit, baina ez dut gehiago hartuko eh? EGA azterketa gainditu dut! Bai, EGA, bai. Hainbeste buruhauste sortu didan azterketa madarikatu hori. Lagun batek esaten duen moduan, dagoeneko badaukat beste papertxo bat horma gainean jartzeko, erritmo honetan jarraitzen badut pareta guztia beteko dut titulu eta titulu ez diren beste hainbat tontokeriekin. Pozik egoteko motiboak baditut, gizarte konpetitibo honetan oraingoz, nabigatzeko eta bizirauten jarraitzeko aitzaki perfektua da eta. Hala ere, ez daukat batere argi poztasun honen iraupena eta gerora begira lanpostu ziztrin bat aurkitzeko bete beharko ditugun baldintza guztiak beteko ditudan, badakizue, batzuentzako ilargia emanda ere kexu dira eta... por pedir que no quede!

miércoles, 25 de noviembre de 2009

Inspirazioa noiz helduko zain


Ez da batere erreza zerbait idazten hastea eguna inspiratuta ez duzunean, niri behintzat hala gertatzen zait sarritan. Ni ez naiz bertsolaria, askotan, zer esan ez dakidala zuriz geratzen naiz, eta bai, badakit, arazo handia dela, EGAko ahozko proba egunean edo Radio Euskadin praktikak egiteko froga egin behar duzunean, batez ere. Bietan idatzizko azterketa gaindituta poz pozik joan nintzen ahozkora baina berehala aurpegi alai hori ilundu egin zitzaidan. Irratian Ibilaldiari buruz hitz egin behar nuen, inprobisatu, bat batekoa, aurretik ezer prestatu barik ezagutzen ez nituen bi pertsona eta mikrofono baten aurrean ni bakarrik. Eurak, ni, urduritasuna eta beldur eszenikoa. Horrela irudikatu nuen panorama hura duela lau urte.

2005etik hona gauzak asko aldatu dira, ni ere guztiz aldatu naizela badakit, lau urtetan bizitutako esperientziak, bizipenak, lehengo bera ez izatera eraman naute, hala ere, badago oraindik ere guztiz gainditu ez dudan zerbait, jendearen aurrean hitz egitea. Pasa den zapatuan Egako ahozkoa egin behar izan nuen eta nire burua ederki asko ezagutzen dudanez, Sumial pastillatsu erdia hartzea erabaki nuen, lasai asko joateko. Baina hara, berriro ere nireak egin nituen, lasai bai, oso lasai egin nuen proba, lasaiegi gauza onerako, guztiz blokeatuta geratu bainintzen azterketak defendatu behar izan nituenean. Nire iritzia azterketen kontrakoa da erabat eta ez nintzan gai izan horri buelta emateko. Orain emaitzak itxaron behar...

martes, 17 de noviembre de 2009

Txiroa eta gainera, gustu onekoa

Gaur, egunero bezala, ohetik altxatu eta egunkaria irakurtzen saiatu naiz. Baina ez, antza denez, egun txarrarekin esnatu eta lehenengo orrialdea irakurtzen hasi bezain laster, burua beste kontu batzuetan nuela konturatu naiz. Beste albiste batekin saiatu naiz, orrialdea pasatu eta berriro ere bi paragrafo irakurri eta nire gauzetan murgildu naiz. Hirugarren saiakera bat ere egin dut, baina ezinezkoa, ezin kontzentratu ibili naiz honetan ere. Ia ordu bete eman dut egoera zentzugabe horretan hala ere, bada deigarri iruditu zaidan esalditxo bat: “No hay peor cosa que ser pobre y tener buen gusto”, agian friboloegia izango da edo buruarina, txoriburua alegia, naizela pentsatuko duzue baina denbora galtze horretan arreta piztu nauen gauza bakarra izan da eta esan beharra daukat guztiz identifikatuta sentitu naizela.

lunes, 16 de noviembre de 2009

Panorama iluna koloreztatu dezagun!


Hasieran blog hau wordpress-ena baino errezagoa iruditu zitzaidan baina gaur denboratsua eman behar izan dut hona sartzeko.

Ta zer kontatuko dut nik orain?

Dagoeneko hilabete bat baino gehiago pasa da masterra hasi ginenetik, pozik geunden, alaitsu, baina badirudi gero eta estresatuago gabiltzala, bakoitzaren arazo pertsonalek, lanek, egun txarrek... hasierako poztasun hori belzten hasi dutela. Ia datorren egueneko afari elegante horrek animoak eta bihotzak goratzen gaituen.
(Argazkia: Iratiko oihana, 2007ko udazken koloretan)

martes, 10 de noviembre de 2009

Udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz...


Blog bat, bi blog, hiru blog...

Saiatuko gara Sustraietatik-ekin ez bezala, Sustraipetik-ekin ondo konpontzen. Oraingoz ondo hasi gara, beraz, horrela jarraitu dadila!