miércoles, 25 de noviembre de 2009

Inspirazioa noiz helduko zain


Ez da batere erreza zerbait idazten hastea eguna inspiratuta ez duzunean, niri behintzat hala gertatzen zait sarritan. Ni ez naiz bertsolaria, askotan, zer esan ez dakidala zuriz geratzen naiz, eta bai, badakit, arazo handia dela, EGAko ahozko proba egunean edo Radio Euskadin praktikak egiteko froga egin behar duzunean, batez ere. Bietan idatzizko azterketa gaindituta poz pozik joan nintzen ahozkora baina berehala aurpegi alai hori ilundu egin zitzaidan. Irratian Ibilaldiari buruz hitz egin behar nuen, inprobisatu, bat batekoa, aurretik ezer prestatu barik ezagutzen ez nituen bi pertsona eta mikrofono baten aurrean ni bakarrik. Eurak, ni, urduritasuna eta beldur eszenikoa. Horrela irudikatu nuen panorama hura duela lau urte.

2005etik hona gauzak asko aldatu dira, ni ere guztiz aldatu naizela badakit, lau urtetan bizitutako esperientziak, bizipenak, lehengo bera ez izatera eraman naute, hala ere, badago oraindik ere guztiz gainditu ez dudan zerbait, jendearen aurrean hitz egitea. Pasa den zapatuan Egako ahozkoa egin behar izan nuen eta nire burua ederki asko ezagutzen dudanez, Sumial pastillatsu erdia hartzea erabaki nuen, lasai asko joateko. Baina hara, berriro ere nireak egin nituen, lasai bai, oso lasai egin nuen proba, lasaiegi gauza onerako, guztiz blokeatuta geratu bainintzen azterketak defendatu behar izan nituenean. Nire iritzia azterketen kontrakoa da erabat eta ez nintzan gai izan horri buelta emateko. Orain emaitzak itxaron behar...

No hay comentarios:

Publicar un comentario